2019/05/07

BULGARIA 2019ko martxoa

Mendi eskia Bulgarian, 2019ko martxoaren 17tik 24ra.

Partaideak: Andoni, Unai, Cesar, Aitor eta Ruben

Irteera honetako informazio gehiena IGERTUren blogeko “Bulgaria. Esquí de montaña en tierra de osos” sarreratik atera genuen, eta guretzako oso baliagarria izan da.

Bulgarian emandako astea laburbiltzen duen bideoa:


2019-03-17 Bidaia
Goizeko 4:50ean Elorriotik irten dugu Bilboko aireportura. Pepe taxistak ekarri gaitu (70€).
6:55ean Lufthansako hegazkina hartu eta 1h 50´ beranduago Frankfurtera heldu gara, handik ordu bete eskasera beste hegazkin bat hartu eta 2 ordutan Sofiara. Motxilak eta eskiak fakturatuta 257€ ordaindu dugu joan-etorria.
Sofiako aireportuan, aurrez erreserbatuta geneukan, 9 plazako furgoneta bat hartu dugu “Top Rent a Car” enpresan. 256€ ordaindu dugu aste beterako, arrisku guztirako asegurua barne, neguko gurpilekin eta gidatzeko bi pertsona baimenduta. 400€ fidantza bat ipini dugu, eta furgoneta bueltatzerakoan itzuliko digute dena ondo badago.
Google Mapsen laguntzarekin aireportutik irten eta ordu eta erdian Borovets herrira heldu gara. Bideak ez dira onak eta jendeak ez du hemen bezala gidatzen (edozein lekutan aurreratzen zaitue, seinaleak ez dira errespetatzen…).
Borovetsen “Bour” hotelean geneukan eginda erreserba. Hotel hau eski estaziotik oinez 10 minutura dago eta inguruak nahiko utzita ikusten badira ere, hotela oso ondo dago eta merkea da. 350€ ordaindu dugu 5 pertsona, 3 egunetan pentsio erdian egonda (23€ pertsona/eguneko).
Bour hotela, Borovets-eko eski estazioan

RILA mendigunean (Balkanetako garaienean):

2019-03-18 MUSALA (2.925 m)
9:30 Borovets-eko hoteletik oinez joan gara eski estazioko Gondola (arrautza) hartzera. Bakoitzak 15 Lev (7,5€) ordaindu ditugu eta horrela 1.300 metrotara dagoen Borovets-etik Yastrebetz-era, eski estazioko puntu gorenera (2.369 m.), altxatu gaitu.
10:10 Pista erraz batetik bailaren bukaerara jaitsi gara (2.100 m.) Larruak jantzi eta gorantz abiatu gara.
10:50 Musala Hut-era (mendiko aterpea) heldu gara ondo zapaldutako marka batzuk jarraituz. 
Hortik gora, eskiekin hasieran, eta kranpoiekin amaieran mendi-lepo batetik Musalako tontorrera heldu gara 12:25ean.
Tontorrak bista ederrak ditu, baina ez da polita; metereologia zentro bat ere badago.
Elurraren egoerak aztertu ondoren, gozatzeko asmoz, hegorantz jaitsiera bat egitea erabaki dugu, eta horrela 2.500 metrora arte jaitsi gara, transformatutako elur on batetik hasieran eta pisutsua bukaeran.
Berriz Musalara igo, zerbait jan eta iparrerako tuboa ez dugunez ondo zegoenik ikusi, mendi lepotik erdiraino oinez eta ondoren  ipar-ekialdeko palatik eskiekin jaitsi gara.
Bukatzeko, Borovets herriraino Musala Path-etik eskietan jaitsi gara. Oso jaitsiera polita.
Behera arratsaldeko 4etan heldu gara.

Datu teknikoak:
Distantzia: 22,5 km.
Desnibela:1.200 m. (positibo) 2.200 m. (negatibo).
Denbora guztira: 5h eta 50´.

Ibilbide honen tracka ikusteko klikatu hemen

Yastrebetz. Behean Borovets ikusi daiteke
Larruak jantzi eta gorantz abiatu garenean
Musala Hut (mendiko aterpea)
Musala Hut

Mendiaren lepotik tontorrera heltzen

Musalako tontorra (atzean estazio metereologikoa)
Tontorrean

Hego aldera egindako jaitsieraren ostean

Berriz tontorrean, behera jaisteko

Musala path

Heldu gara Borovets-era

2019-03-19 MALYOVITSA (2.729 m)
Aurreko egunaren bukaeran Andoniri eski bateko fijazioa apurtu zitzaion, eta ez Borovets-en, ez Samokov-en Dynafitak aldatzeko edo konpontzeko aukerarik ez dagonez, gaurko egunerako “Chamkoria” dendan eski batzuk alokatu ditu. Merke gainera: egun guztirako 15 Lev.
Jarraian Malyovitsako eski estaziora abiatu gara. Bertara joateko Goverdatsi herritik pasatu gara, eta furgonetaz 40 minutu behar izan ditugu.
Itxita aurkitu dugun Malyovitsako eski estazioa. Alpinismo eta eski zentro zahar bat da, eta Bulgariako Benasque deitzen zioten.
Furgoneta 1.680 metrotara dagoen aparkalekuan utzi dugu 8 Lev ordaindu ondoren. 10:30etan eskiekin aparkalekutik abiatuta Rilako parke naturalean sartu eta gorantz joan gara.
11:10ean heldu gara 1.960 metrotara dagoen Malyovitsa Hut-era. Eskiekin gora jarraitu dugu Malyovitsako leporaino, bertan eskiak utzi ditugu eta oinez, kranpoiekin, tontorrera heldu gara 13:15etan. Tontorra eta ibilbidearen azken zatia lauak dira, baina gaurkoan bertatik ez dugu gauza handirik ikusi zerua lainotzen joan delako. Lepotik ordea, hego aldera begiratuta bai argi ikusi dugula Rilako monasterioa.
Elur nahiko onarekin jaitsiera polita egin ondoren, 14;45ean heldu gara aparkalekura.

Datu teknikoak:
Distantzia: 14,8 km.
Desnibela: 1.120 m.
Denbora guztira: 4h eta 15´.

Ibilbide honen tracka ikusteko klikatu hemen


Malyovitsa eski estazioko aparkalekua

Atzean Malyovitsa tontorra

Rilako parke naturalerako sarrera
Malyovitsa Hut-era heltzen

Malyovitsa aterpetik ikusita

Lepora heltzen

Tontorrean

Leporantz bueltan. Tontorra laua da

Lepoan, eguraldiak txarrera, baina laster argituko da

Eski estaziora heltzen
Arratsaldean, Malyovitsatik zuzenean joan gara Sofiara “Adventure Shop” dendara Andoniren eski-fijazioa aldatzera.

Goverdatsiko etxe bat

Sofiara bidean

Sofiako tranbia
2019-03-20 LOPUSHIKI (2.698 m)
Gaur Bansko herrira goaz lo egitera. Arratsaldean bide erdian dagoen (zerbait desbideratu behar da) Rila-ko monasterioa bisitatzea pentsatu dugu eta goizean handik gertu dagoen Lopushiki mendia egitea.
Borovets-etik berandu abiatu gara, hoteleko kontuekin txarto ulertze bat izan dugulako. Gainera, gaurko ibilbidearen hasierara joateko furgonetaz 1h eta 45 minutu behar izan ditugu. Egindako bidea: Borovets-etik Samokov-era, jarraian mendebaldera Dupnitsara eta 1 bidetik hegoaldera eginda Kocherinovo-raino. Ezkerretara, ekialdera, bide gurutze bat hartu eta 107 bidetik Rila herrira lehenengo, monasteriora ondoren eta gorago eginez 1.475 metrotara dagoen Kirilova Polyanako aparkalekura (taberna bat dago).
11:40an hasi gara oinez. Igoera honek hego aldera ematen duenez bagenekien elur gutxi izango zuela, baina leku ederra da, baso itzeletan zehar gorantz goaz oinez 1.800 metrora arte. Ordu beteko ibilaldia egin ondoren, eskiak jantzi eta basoan gora jarraitu dugu. Aldapak malda galdu duenean, izoztutako laku batera heldu gara.
Paraje hauetan ez dago beste mendizalerik, gu bakarrik eta behetik laguntzaile etorri zaigun txakur zintzo bat; gure alboan tontorreraino eta ondoren beheraino egin duena.
Eguraldiak okerrera egin duen arren, aurrera egin dugu eta 14:45ean (3 ordutan) heldu gara tontorrera. Haize hotza dabil, eta horri eskerrak hego aldera ematen duen 600 metroko palaren elurra egoera onean aurkitu dugu. Aldapa handirik ez duen pala honetan zoragarri disfrutatu dugu.
Azken zatia, basotik, igo dugun toki beretik oinez jaitsi ondoren 17:00etan heldu gara furgonetara.


Datu teknikoak:
Distantzia: 16,7 km.
Desnibela: 1.392 m.
Denbora guztira: 5h eta 20´.

Ibilbide honen tracka ikusteko klikatu hemen

Kirilova Polyanako aparkalekua

Basoan gora


Aurreko lepotxora heldu eta ondoren ezkerretara egin behar dugu


Iboia badaezpada albotik zeharkatu dugu

Zerbait jan eta azken palari ekingo diogu

Tontorrean


Pala ederra
Basoan behera
Aldatu, zerbait jan eta arratsaldea amaitzeko Rilako Monasterioa ikustera joan gara. Mendien artean dagoen monasterio hau Bulgariako handiena eta garrantzitsuena da (1983. urtean Unescok Gizateriaren ondasuna izendatu zuen). Bi sarrera ditu eta harriz egindako plaza batean Hrelyu dorrea (XIII. mendekoa) eta  Natibitateko eleiza zoragarria daude. Plaza hau inguratzen, 4 pisutako altuera duten edifizioetan, monjeen eta gonbidatuen gelaxkak, museoa eta kapilak daude.
Sarrera dohainik da.

Mendebaldeko sarrera

Hrelyu dorrea
Natibitateko eleiza





Monasterioa ikusi ondoren, Banskora furgonetaz joateko beste 1h eta 30 minutu behar izan ditugu.


PIRIN mendigunean:

2019-03-21 BEZBOG (2.648 m) eta POLEZHAN (2.851 m)
Banskotik furgonetaz 10 minututara dagoen Dobrinishte herrira joan gara eta hau zeharkatu ondoren, 1.500 metrotara dagoen bertako eski estazio txikira (Bezbog ski centre) igo dugu.
Eski estazioa oso txikia eta zaharra da (pertxa parte bat eta biko telesilla bat), baina badu bere xarma. 12 lev pertsonako ordaindu eta 40 minututan (aulki motela) Bezbog Hut-era (2.250 m) igo dugu.
Azkenean, goizeko 11etan abiatu gara, lakua erditik zeharkatu eta larruekin gorantz egin dugu. Bezgog mendira hego aldeko palatik igo dugu eta azken 20 metroetan elurrik ez duenez, eskiak bertan utzi ditugu. Lainotuta dago, baina momentu batzuetan argitu egiten da eta halakoetan gaurko helburua, Polezhan, ikusi ahal izan dugu. Hemendik ikusita piramide itxurako mendi polita.
Bezbog eta Polezhan arteko lautadara jaitsiera txiki bat egin eta berriz larruak jantzita, lepotik, Polezhan mendira heldu gara eguerdiko 13:15etan. Eguraldia aldakorra da, hobera doala ematen du, baina hego aldera nondik jaitsiko garen asmatzeko, argiuneak aprobetxatu behar ditugu, elur asko be ez dagoelako eta harri guneak zeharkatu behar direlako. Bukaeran elurra nahiko ona zegoenez, laku bateraino luzatu dugu jaitsiera.
Azken jaitsiera egiteko, berriz Bezbog mendira igotzea erabaki dugu. Tontorretik, ipar ekialdeko palatik hasieran, eta elurra nahiko egoera onean zuen ekialdeko pala bertikaletik ondoren, Bezbog Hut-era jaitsi gara. Hemendik pista gorri eta beltzetatik eski estazioko aparkalekura heldu gara 16:15etan.

Datu teknikoak:
Distantzia: km.
Desnibela:1.020 m. (positibo) 1.770 m. (negatibo).
Denbora guztira: 5h eta 15´.

Ibilbide honen tracka ikusteko klikatu hemen

Bezbog eski estazioko aparkalekua

Telesillan gora

Bezbog Hut: hemen hasiko da gure ibilbidea

Lakutik gora

Bezbog tontorrera hego aldetik igotzen

Bezbog tontorrean

Polezhan mendirantz lepotik

Tontorrera heltzen, tarte batzuetan elur faltagatik oinez

Tontorrean



Hego aldetik laku bateraino


Berriz gora

Polezhan eta Bezbog arteko lepoan. Atzean Polezhan mendia
Bezbog mendiko tontorrean

Beherantz

Bezbog Hut-etik behera pistetatik


2019-03-22 HVOYNATI (2.649 m) eta VIHREN (2.914 m)
Bansko herrira heltzen den eski pista albotik gora doan bidea hartu dugu, eta furgonetaz barrera bateraino heldu gara. 12 Lev ordaindu ondoren, bertan eskumara egin eta jarraian ezkerretara dagoen aparkalekuan utzi dugu furgoneta, “Stara” pistaren kontra (1.690 m).
Banskoko eski estazioa Bulgariako handiena eta modernoena da (pista zabalak, aldapa onekoak eta telesilla desenbragableak). Berez, munduko eski kopako frogaren bat ere bertan egin zen. Bulgariako Formigal deitzen omen diote (eguneko forfaita: 57 Lev).
Gaurko helburua Vihren mendia da; mendi-lerro honetako altuena, eta behetik ikuspegi ederra duena.
9:45ean abiatu gara, eski pista bat zeharkatu eta malda gutxi duen basoko pista batetik zehar aurrera egin dugu, beste pista bat zeharkatu eta bailara bukaerara heldu arte. Hemendik, gorantz, Todorka mendia ezkerretara dugula, Vihren Hut-era heldu gara 10:45ean. Aurrera eginda, bailara zoragarria irekitzen da, eta apurka-apurka ekialdera (eskuma) eginez eta altuera irabaziz Hvoynati mendira heldu gara.
Eguraldia ona da; zerua garbi dago, baina haizea hotza da.
Hvoynati eta Vihren mendien arteko lepora jaisteko, iparrerako orientazioa duen elur gutxiko eta gogorreko 50 metroko palatxo bat ertz kontratik jaitsi dugu, eta ondoren, Vihren-eko azken 300 metroak hego aldetik igo ditugu.
13:45ean heldu gara ertz luzea eta bista ederrak dituen tontor honetara.
Jaitsieraren lehen zatia, egoera nahiko onean dagoen hego aldeko palatik, leporaino egin dugu. Jarraian ezkerretara eginez, ekialdeko palatik, beherantz egin dugu. Hasieran disfrutatzen eta gero, elur ona ez zuen tubo batetik, ahal izan dugun bezala, Vihren Hut-era heldu gara. Aterpe kanpoan eserita, eguzkitan, giro eta lagunarte ederrean, zerbeza bat hartu (500ml-ko lata 2Lev) eta furgoneta dugun tokian gelditu gabe, Bansko-raino pistetatik eskiatzen jaistea erabaki dugu.
Erabaki okerra, ez du merezi izan. Azken zati guztiak ez du aldaparik, eta eguneko ordua kontuan izanda, elurra zopa eginda zegoen. Ondorioz, arraunean egin behar izan dugu aspaldi ez bezala.
Batzuk behean itxaroten gelditu diran bitartean, beste bi taxian furgonetaren bila joan gara. Taximetroa martxan ipintzeko eskatuta, 26 Lev ordaindu ditugu (beste batek hasieratik 30-40 eskatzen zizkigun).

Datu teknikoak:
Distantzia: 23 km.
Desnibela: 1.400 m. (positibo) 2.094 m. (negatibo).

Denbora guztira: 6h eta 30´.

Ibilbide honen tracka ikusteko klikatu hemen

Stara pistako aparkalekua

Atzean Vihren mendia

Todorka mendira begira


Vihren Hut




Hvoynatiko tontorretik Vihren-eko leporantz
Vihren mendiko tontorrean



Vihren-eko hego pala

Lepoan ezkerretara eginda, tuborantz

Tubora sarreria


Tuboa behetik ikusita
Vihren Hut-en zerbeza bat disfrutatzen
Elurra Banskoraino mantentzen dute

2019-03-23 VIHREN HUT-eko  bailra eta SOFIA
Gaurko ere oso eguraldi ona iragarrita zegoenez, atzo gauean erabaki genuen gaur goiza mendian zerbait eginez aprobetxatzea eta eguerdi partean Sofiara joatea. Beraz, hotelean dena batu et furgonetaz berriz joan gara Stara pistako aparkalekura.
9:20an larruak jantzi eta Vihren Hut-era lehenengo, eta handik bailaran aurrera eginda 2.300 metrora arte igo dugu, Todorka mendiko magalera. Hego aldetik Todorkara (2.741 m) igotzeko falta zitzaizkigun 400 metroak egiteko gogoa izan dugu (itxura oneko pala bat da eta goiz zenez elur onarekin ikusten zen). Baina denboraz justotxo ibiliko ginenez ez igotzea, eta leku beretik behera egitea erabaki dugu, eta 12:20an furgonetara heldu gara.

Datu teknikoak:
Distantzia: 12 km.
Desnibela: 650 m. 
Denbora guztira: 3h.

Ibilbide honen tracka ikusteko klikatu hemen

Vihren Hut-eko txabolak
Atzean Vihren mendia eta ezkerreko lepotik (gorriz) atzo egindako jaitsiera

Bazkaldu eta dena batu ondoren Sofiarantz abiatu gara.
Sofian, aireportutik gertu, Bookin-en bidez bostontzat apartamentu bat alokatu genuen gau baterako 65€ ordainduta.
Gauzak utzi, dutxa arin bat hartu eta Sofiako parte zaharrera joan gara furgonetaz. 
Sofian ikusi ditugunak:
Saint Aleksandar Nevski Katedrala

Saint Aleksandar Nevski Katedrala

Sveti Nikolay Mirlikiiski Eleiza Errusiarra

Ivan Vazof Antzeztoki Nazionala


Bulgariako Errepublikako Presidentearen Egoitza



Jatetxe batean afaldu ostean, apartamentura goiz joan gara, hurrengo egunean goizeko 4etan altxatu behar gara eta.


2019-03-24 Bueltako bidaia
4:20an aireportura heldu, furgoneta entregatu eta dena ondo dagoela konprobatu dutenean 400€ko fidantza bueltatu digute.
6:00etan hegazkina hartu eta 1h 40´tan Munich-era heldu gara. Hemen 4 ordu itxaron behar izan dugu. Munichetik Bilbora beste 2 ordutan egin dugu bidaia. Pepe taxistak hartu gaitu eta eguardirako Elorriora heldu gara. 


Datu batzuk:
·  Bulgariako hizkuntza ofiziala Bulgaroa da, hizkuntza Eslavoa. Baina inguru turistikoetan (mendian, Sofian,…) denok hitz egiten dute ingelesez.
·  Alfabeto cirilikoa erabiltzen dute, baina gauza gehienak alfabeto latinoan ere badaude idatzita.
·  Bertako txanpona Leva (lehoia) da. Aldaketa 1€ = 1,92Lev. Leku askotan dago dirua aldatzeko aukera.
·     Ordu beteko diferentzia dago. Han ordu bat gehiago.
·     Gehienak, % 80,  kristau ortodoxoak dira.
·  Buruarekin alde batera eta bestera egiten dutenean, baietza da; eta gora eta behera egiten dutenean, ezetza. Guk egiten dugunaren kontrakoa. Hala ere, turistekin horrela ez dut uste egiten dutenik.
·   Bertako janari tipiko bat Musaka (Mycaka): okela zatiak patatekin eta gainetik Bulgariako jogurta.

Zerbezak be suabeak eta merkeak dira, eta mendi buelta bat eman ondoren oso ondo sartzen dira

No hay comentarios:

Publicar un comentario