Durangoko Alpino Tabira mendi taldeko 28. Mendi eski zeharkaldia, otsailaren 19an, Linzako aterpetxetik Chinebral De Gamueta mendira (2.312 m.) zen. Larunbatean oso eguraldi ona egin zuen (eguerdian bero) eta Andonik, Aitor Urrutiak eta Aratzek, beraien kontu, Petretxema mendira (2.377 m.) igo zuten. Goian elur ona eta behean nahiko astuna aurkitu zuten. Gu (Igor, Aitor Cenitagoya eta Ruben) arratsalde-iluntzean heldu ginen Linzara. Eguraldia ona zen eta behean elur asko bazegoen ere, argi ikusten zen mendi gainak elurrez justu zeudela (haizeak eramanda). Gauean haizea altxatu eta goiza lainotsu eta elur apur bateaz esnatu zen. Goizeko 9etan abiatu ginen Linzatik, “Paso del oso” zeharkatu eta basoan zehar altuera irabaziz “Plana de Diegora” heltzeko, hemen Chinebral aldera egin eta 2.000 bat metrotara igoera bukatu zen elur faltagatik. Chinebralera, beste 40 bat minututan, oinez igo zitekeen, baina laino itxia zegoenez, ez igotzea erabaki genuen. Jaitsiera pala beretik “Plana de Diegorantz” eta gero ezkerretara, basotik zehar “Fuente de los Clerigosera” irteteko. Goiko tarte batzuk kenduta, jaitsiera ez zen ona (aldapa gutxikoa eta elur astunarekin). Linzara helduta, denbora genuenez eta lainoa oso itxia ez zenez, “La Pakiza de Linzola” mendirantz (2.112 m.) joan ginen. Denbora faltagatik eta goian gutxi ikusten zelako ere ez ginen gora heldu, baina pala polit batzuk jaitsi ahal izan genituen. Linzako aterpetxean, bazkari batekin amaitu genuen Tabirakoek antolatutako 28. eski zeharkaldia.

No hay comentarios:
Publicar un comentario